Logotipo del portal de Turismo del País Vasco

euskadi.net

X
X
D4
Goierri: Goialdeko lurrak
Bidaia koadernoan sartu
Goierri: Goialdeko lurrak
Ordiziako merkatua
Goierri: Goialdeko lurrak
Informazio Gehiago
Biztanle gehien dituen inguruan ekingo diogu bideari, Ordizia eta Beasain ondoz ondoko herrietan, alegia. Bertako produktuen merkatuagatik egin da ezagun Ordizia. Asteazkenero egiten dute eta, horrez gain, badira urtean zehar merkatu bereziak ere, Idiazabal gaztarena eta Gabonetakoa, esate baterako. Nabarmentzeko modukoa da monumentu historikoen multzo izendatu zuten alde zaharra ere. Zabala eta Barrena jauregiak, Urdanetari egindako monumentua eta Muxika dorretxea dira eraikinik ikusgarrienak.

Beasainen, berriz, Igartzako monumentu-multzoak aparteko aipamena merezi du. Igartza jaun-andreen jauregiak eta Antzinako Erregimenean ohikoak ziren eraikinek (artisauen etxeak, errota hidraulikoak, burdinolak...) osatzen dute monumentu-multzo hori.

Etxegarate gainera igotzen hasi baino lehen, Idiazabalen geldituko gara, eta, bertan, artzainaren monumentua ikusiko dugu. Artzaintza izan da herri txiki honetako biztanleen jarduera nagusia, eta, ondorioz, Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere entzute handia duen jakia dastatzeko aukera du bisitariak; Jatorrizko deitura duen Idiazabalgo gazta, hain zuzen.

Idiazabalen bertan Segurako bidea hartuko dugu. 1256.urtean sortu zuten herri txikiak oso ondo gorde du Erdi Aroko alde zaharra. Monumentu-multzo izendatu zuten eta, besteak beste, Gebara jauregia, Ardixarra egurrezko etxea eta Ama Jasokundearen eliza ikus ditzakegu han. Ezagunak dira oso Aste Santuetan Segurako alde zaharrean egiten diren prozesioak.

Handik oso gertu Zerain dago, nekazaritza-jarduerari eta burdinaren, ikatzaren, egurraren eta beste hainbat baliabide naturalen ustiapenari lotutako herri txikia. Bertan, museo etnografikoa, XVIII. mendeko kartzela eta berriztatutako zerrategi hidraulikoa bisita ditzakegu, bizimodu tradizionalaren berri izateko. Horrez gainera, Aizpea auzoan Errege Katolikoen garaiko meategiaren aztarnak gordetzen dituzte.

Segurara itzuli, eta GI-3571 eta GI-3572 errepideak hartu ondoren, Ormaiztegira iritsiko gara, Tomas de Zumalakarregi buruzagi karlistaren jaioterrira. XIX. mendean zehar euskal gizarteak izandako aldaketak erakusten ditu Zumalakarregiren izena daraman museoak. Bestalde, ikusgarria da Ormaiztegiko burdinazko bide-zubia. Garai batean Eiffelen diseinua zela zioten, baina gerora Lavaleyren lana dela egiaztatu dute.
© 2012 · Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco